Garbiñe Etxaniz

Elikadura Integratiboan Aholkulari-Laguntzailea

Artikuluak

Elikatzen ikastea

Gure bizitzako funtziorik garrantzitsu eta beharrezkoenetako bat elikatzen ikastea da, arlo guztietan eragiten digulako: fisikoa, sentimentala eta izpirituala. Kontua da ez garela konturatzen elikadurak gugan duen eraginaz, eta horregatik, ezinbestekoa da esnatzea eta gai honen inguruan sentsibilizatzea; egoki elikatzeak, gure gorputzari benetan behar duena emateak, onura handiak ekarriko dizkigu, eta gaizki elikatuz gero, berriz, kalteak neurri berean jasango ditugu. Elikadura beraz, tresna oso boteretsua da.

Elikatzen ikastea da gure bizitza mugiarazten duen energia sakonena erabiltzen ikastea. Prozesu horrek bi atal garrantzitsu ditu, eta horietan arreta jarri behar dugu, egunetik egunera hobetzeko:

a) Jateko modua

b) Hartzen ditugun elikagai motak eta horiek prestatzeko modua. Mahai gainean jartzen duguna.

Halere, askotan elikagai motak aldatzen ditugu, saiatzen gara kalitate oneko produktuak erosten eta horiek modu orekatuan prestatzen, eta hala eta guztiz ere pertsona batzuen bizi-kalitatea ez da aldatzen. Izan ere, benetan garrantzitsua da nola jaten dugun eta jateko unean nola gauden aztertzea.

Egun, gabezia afektibo handiak ditugu, eta gauza batekin jabetu behar dugu: elikagaiak prestatzen dituenaren emozioak eta sentimenduak izaten dituztela jakiek. Elikagaiek lotura handia dute maitasuna, babesa eman eta jasotzearekin. Giza bizitzaren etapa guztietan, elikagaiek bihotza asetu eta jendearen arima animatzeko helburua izan dute. Elikagaiek familiako sentimenduak armonizatzeko gaitasuna dute, antsietatea baretu dezakete, tristura lasaitu. Elikadurak oso lotura estua du bizitza sentimentalarekin, eta horregatik, gure bizitza afektiboa aztoratua dagoenean, ia beti elikatzeko moduan izaten du eragina.

Elikagaiak ez dira materia fisikoa bakarrik, elementu afektibo eta psikologiko sakonak dituzte, eta jaten ditugunean gure barnean sartzen dira. Gaur egun, etxekoak elikatzeko oso denbora gutxi erabiltzen dugu, sukaldean denbora asko pasatzea denbora galtzea iruditzen zaigu, eta askotan nahiago dugu aurrez prestatutako jana edo janari azkarra erosi, baina ez gara konturatzen horrek izugarrizko gabeziak eta sufrimendua eragiten digula. Jakin behar dugu elikaduraren bidez gure familia zaindu eta babestu dezakegula. Txina, Japonia edo Tibeteko monastegietan esate baterako, sudaldatzeaz arduratzen direnak espiritualtasun oso handiko pertsonak izaten dira. Bere onetik aterata dabilen pertsona bat ezin da sukaldean sartu, badakitelako pertsona horrek prestatutako jakiek gainontzekoen arimak aztoratuko dituela.

 (Santiago Portilla-ren Salud, alimentación esencial y desarrollo humano liburutik moldatutako pasartea)