Elikadura hizpide hartuta, egia da ez dela batere erraza jateko ohiturak aldatzea, izan ere gure elikadura-eredua faktore askok baldintzatzen dute: ingurunea, familia, harremanak, kultura, eta baita bakoitzaren oreka emozionalak ere, denetan konplexuena. Elikadura aldatu nahi duenak faktore horien aurka egin behar du nolabait, eta horregatik, askotan, epe motzeko aldaketak aurreikusten dira, benetako aldaketarako pausuak ematen hasteko konpromisorik gabe. Porrota eragozteko garrantzitsua da garbi izatea elikadura-aldaketa "prozesu" bat dela, zailtasunak dituen bidea dela, eta benetako konpromisoak pisu handia duela.
Bizi garen mundu honetan ez da erreza gure elikaduraren kontrola izatea, baina horretan lagungarriak izan daitezke gure buruaren ezagutza eta nola jan behar dugun ikastea.
Bizitza mikatzegia egiten zaigu askotan, eta "mikaztasun" hori ondoen konpentsatzen duen zaporea gozoa da, horregatik jotzen dugu hain errez azukre finduetara. Janariak asebete egiten gaitu, emozio desatseginak konpentsatzeko jan egiten dugu, estimulu azkarra eta erreza delako, eta gainera gure esku dagoen zerbait da. Emozioak kontrolatu nahian elikadurara ez jotzeko, gogobeteko gaituzten beste alternatiba batzuk bilatu behar dira.
Ondoren garrantzitsua da norberak jakitea eta onartzea bere egoera fisiko, mental eta emozionala; horren arabera pertsona bakoitzak elikadura jakin bat beharko baitu. Alternatiba osasuntsuak ere bilatu beharko ditugu, gure elikadura aberastu eta zabalduko dutenak. Eta azkenik aldaketa horiekin konpromiso sendoa hartzea beharrezkoa izango da. Lao-Tsék esan zuen bezala "mila miliatako bidaia lehenengo urratsarekin hasten da".